XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PIZKUNDEA / BARROKOA KULTURA XVI-XVII. mend. Ernazimentuko artelanen eta Barrokoaren esperientzia estetikoaren arteko alde eta kidetasunak behin eta berriz aztertu izan ditu artearen historiografiak: arte-historiaren eta kritikarien arteko gai maitatua izan da aspaldidanik bi une historiko haien analisia, elkarren arteko etena edo segidatasuna azpimarratuz.

Bi kultur molde osoren arteko zerikusia eta elkarrekiko eragina daude, azken buruan, bi joeron zaleen eztabaidan.

Batasuna, Pizkundeko arte-lanetan, nolabaiteko koherentzia logiko bat zen soilik, eta orduko irudiztakizunak beren osoan elkarren gehigarriak edo xehetasun-batuketa bat ziren.

Osotasun horren barnean, osagai ezberdinak oraindik ere beren banakotasunean bereizgarriak gertatzen ziren Pizkundean.

Parteen autonomia erlatibo hau desagertu egiten da Barrokoan.

Leonardo edo Raffaello-ren konposizioan osagaiak gozagarriak dira oraindik banaka ere; Rubens edo Rembrandt-en pinturan, ordea, xehetasun batek ere ez du zentzurik bere baitan.

Barrokoko maisuen konposizioak aberatsagoak dira Pizkundekoenak baino, baina aldi berean batasun handiagokoak dira.

Barrokoan, batasuna ez da a posteriori datorren emaitza, sorkuntza artistikoaren aurrebaldintza baizik.

Arnold Hauser, Hungarian jaio zen (1892), eta Budapest, Parise eta Berlin-en ikasi zuen, eta Viena-n eta Londres-en izan da irakasle.

1951n eman zuen argitara bere The Social History of Art (Londres), gero beste hainbat hizkuntzatara itzulia, eta gaztelaniaz Guadarrama argitaletxeak argitara emana.

Benetan liburu estimagarria.